XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juan Aiesta Bediako dultzainero zaharrak esaten zigunez: hasieran (mende honen hasieran) txakur txikerra eta gero txakur handie, orduan zerbait ateratzen zen.

Hala ere erromeria eta festa batzuetan ordaindu egin behar zuten ferianteek bezala, han jo ahal izateko.

Ateratzen zuten dirua ez zen etekin garbia izaten beraz.

Saio asko jo behar ziren eta jendea asko bildu arratsalde edo egun batean jornala ateratzeko, eta han izaten zen konpetentziarekin ez zen erraza izaten.

Monttek zioenez, garai batean dultzaineroak binaka ibiltzen ziren, atabalari batekin, baita soinujole batekin ere.

Baina dirua gehiagoren artean banatu behar zela eta, gero eta ugariago ikusten ziren dultzainero-atabalari bikoteak.

Montte berak kontatu zigun ondoko hau: Abadinotik Urolaldeko erromerietara, dultzainero oso on eta ospetsu bat, Julian Azurmendi, etortzen omen zen, bere emazte, seme eta alabarekin.

Talde honek honela funtzionatzen omen zuen: aitak dultzaina jo, semeak atabala, alaba beste aldetik jendea aitaren korrora ekartzen eta emaztea berriz diruzain, saio bakoitza bukatutakoan kobratzen.

Ikusten denez, ondo montatua zuen hark negozioa.

Honelakoa izan da musiko hauen ingurua eta (gero eta gutxiago bada ere) bereziki Gipuzkoa eta Bizkaiko baserritar inguruko mota guztietako festetan aritu dira azken garaietan.

Gipuzkoa eta Bizkaian salbuespen gutxi ezik, dultzaineroak musika ofizialetatik urruti aritu badira, Araba eta Nafarroan gehienetan musika-eskoladun musikoak izan dira, eta kasu askotan banda edo orkestrako beste soinutresnaren bat ere jo izan dutenak.

Inguru horretako herri eta hirietan entzuten da soinutresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konparsak mugitzen, plazetan kontziertoak eta dantzarako musika eskeintzen....

Antzinako ritual edo ospakizunetako dantza askotan erabiltzen dela ere aipatu behar da.

Nafarroako gaiteroak aspaldidanik ezagunak dira beraien lurraldeetatik kanpo.

Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan eduki bertako herri-dultzaineroak, festa handi eta nagusietarako Nafarroako edo Lizarrakoak ekartzen zituzten.